TIKTARA taldearen hirugarren lana jada fisikoki eskuragarri dago Durangoko Alboka musika dendan. Hala ere, maiatzaren 27ra arte itxaron beharko du publikoak plataforma digitaletan entzun nahi badu. Ubera izeneko disko horretan, euskal herritarrek Ameriketan izan duten eragina, eta aldi berean, Ameriketako herrialdeek haiengan izan duten eragina kontatzen dute.

Horretarako, lau urtetan egindako ikerketa prozesuaz baliatu dira, berriz ere, herrialde ezberdinen estiloak euskal musikan jorratu diren estiloekin nahasteko. Ekainaren 29an Usurbilen egongo dira haien aurreko lan guztiak berriz oholtza gainera eramaten. Haiek dioten bezala, azken disko honen ikuskizunak prestatzen ari dira, eta ez dituzte oraindik kontzertuak lotu, haien lana ondo itxi nahi izan dutelako publikoari eskaini ahal izateko.

‘Ubera’ diskoa urte luzez egindako lan prozesu baten emaitza da, ezta?

Harkaitz Bastarrika: Hiru-lau urte artean egon gara lan hau egiten. Pandemian hasi ginen ikertzen euskal migrazioaren inguruan; adibidez, euskaldunek ze eragin izan zuten Ameriketako kulturan. Hortik tiraka hasi ginen hau guztia egiten.

Diskoan, Latinoamerikara joandako euskal herritarren istorioa biltzen duzue.

H.B.: Berez, kultura aldetik begiratzen hasi ginen. Gero, euskal etxeetara idatzi genuen eta istorio ezberdinak bidali zizkiguten. Euskal Herriko Unibertsitateko pertsona ezberdinekin hitz egin genuen eta haiek bibliografia ere pasa ziguten, adibidez, Los paraisos posibles edo El vasco de la carretilla. Hortik tiraka aurkitu genenuen istorio pila.

Ander Zulaika: Diskoan ez dira % 100 errealitatean gertatutako istorioak, baizik eta ezagutu ditugun istorioak aitzakia bezala hartuta, gertatu zitezkeen istorioak idatzi ditugu. Letreetan Julen Zulaikak horrelako istorioak gauzatu ditu, norbaitenak izan zitezkeen istorioak idatzi ditu.

H.B.: Ikerketan, istorio pila bildu genuen. Kanta-idazlearekin hitz egin eta gero, emoziotik adierazi zuen hori guztia. Gauza literal bat egin genezakeen, edo istorio hauek kontuan hartuta eta bizipenak kontuan hartuta, pertsonaia ezberdinen esperientziatik letra ezberdinak sortu. 7 herrialde, 7 pertsona eta 7 musika ezberdin, Euskal Herriko musika guzti horrekin lotzea.

Prozesu musikalari ekin baino lehen, nolakoa izan da ikerketa prozesua?

H.B.: Adituekin batera ibili gara. Oscar Alvarez Filak eliza Ameriketan ikertu izan du. Azkenean, migrazioen artean egon dira eliza aldetik joan direnak, eta gero, gerretatik ihesi joan diren guztiak. Aldi berean, mundu berri batean bila joan direnak ere badaude. Alfonsina Leranoz argentinarrak euskal identitatearen sorkuntza ikertzen du artearen bitartez. Jose Manuel Azkonarekin euskal migrazioa Ameriketan ikertu genuen. Gainer, David Pago Cuadradorekin elkarrizketa bat izan genuen. Gizon horrek tesi bat egin zuen Oteizari buruz, Oteiza Kolonbian egon zen garaikoa, oso interesgarria iruditu zitzaiguna. Euskaldunek Ameriketan egindako ekarpena interesatzen zitzaigun eta, aldi berean, handik jasotako eragin guztia ere, bizipenetatik aparte.

Eta hori behin eginda, zelan saiatu zarete istorio horiek kontatzen musikaren bidez?

A.Z.: Azkenean, istorioa nondik bideratu nahi genuen argi izanda, erabaki zuten bai Harkai-tzek, bai Maiderrek -prozesua gidatu dutenek, alegia-, istorio horiek kokatzea herrialde zehatz batzuetan eta herrialde horietako musika erabiltzea. Izan ere, letra eta kokapen geografikoa izanik, bertako musika hori izango zen berau bideratu edo kanalizatuko zuena kanta sortzeko momentuan.

H.B.: Saiatu gara herrialde horietako erritmo eta melodiak hemengo erritmo eta melodiekin konparatzen, estilo aldetik zituzten antzekotasunak aztertzeko. Hemen, garai ezberdinetan jo izan diren erritmo eta melodiekin loturak egin ditugu.

Diasporari dagokionez, zer bizi izan dute euskal herritarrek atzerrian?

H.B.: Adibidez, Venezuelako Euskal etxetik Ibane Azpiritxagak bere aitonari buruz idatzi zigun. Azpiritxagak (Ricardo du izena) borroka egin zuen Gerra Zibilean. Hori baino lehen, futbolaria izan zen. Bilbo setiatua egon zenean, harrapatu zuten. Bere bilobak idatzi eta gero ikusi genuen istorio hau dokumentatuta dagoela. Azpiritxaga fusilatzekotan zeuden, baina libratzea lortu zuen. Iparraldera joan zen haren familia eta hortik Katalunia aldera. Handik, Frantziara, eta hortik Senegalera joan ziren itsasontzi batean. Azken herrialde horretatik Venezuelarantz abiatu ziren. Behin Venezuelan, iturgin egon zen lanean, eta aldi berean, musika talde batean jotzen zuen. Gainera, Espainiako enbaxadan espia lanak burutu zituen Eusko Jaurlaritzarentzat. Hortik aurrera, Euskal etxea sortu zuen Venezuelan, beste batzuekin batera, eta Venezuelako selekzioko lehen hautatzailea izan zen. Istorio asko dira bat-batean. Izan zen beste istorio bat ere, oso ezagun egin zena: El vasco de la carretilla. Larregi abizena zeukan eta nafartarra zen hura. Esaten dutenez, apustu bat egin zuen esanez Tierra de Fuegotik Buenos Airesera oinez iristeko gai zela orga batekin eta bertan sartzen zenarekin. Lortu ere egin zuen, eta hortik Boliviara joan zen. Mila kilometro egin zituen oinez eta oso ezaguna bihurtu zen Argentinan. Herrietan bere zain zeuden eta garaiko egunkariek ere bere berri ematen zuten.

Zuen sorreratik, Latinoamerikako erritmoak eta euskal musika nahastu dituzue. Zerk ezberdintzen du lan hau aurreko lanetatik?

A.Z.: Niretzat, lan honetan, letren gaiaz aparte, ezberdintasuna dago musikaren kokapen geografikoan. Orain arte lan “saltseroagoa” egin dugu. Lehenengo diskoan saltsaren inguruan dauden estiloekin lan egin genuen. Bigarren diskoak ere saltsa zuen oinarri, baina Afrikako estilo batzuen ukituekin. Oraingoan, argi eta garbi dago Ameriketako disko bat dela, nahiz eta Kubako abesti bat ere sartu dugun: boleroaren aitzindaria. Dena den, jorratu ditugun estilo guztiak Hego Amerikako estiloekin zerikusia dute: Ekuadorren Albazo estiloa, parrandan jotzen dena, Uruguaiko Murga eta Candombe, Kolonbiako Bambuco, Brasilgo Baião, Peruko Landó, Argentinako Milonga eta Kubako Danzón estiloak, kasuan kasu.

Eta taldean, disko hau egitean, aldaketa nabaria sumatu duzue?

H.B.: Aurreko diskoak “saltseroagoak” ziren eta jarraitzen dugu saltsa jotzen, Usurbilen ekainean kontzertua daukagu eta saltsa joko dugu. Baina disko honek beste inguru bat eskatzen du, eta plaza batean jo daiteke, noski, baina uste dut askoz ere bisualagoa dela; ikusteko eta entzuteko diskoa da, dan-tzatu daiteke, noski, baina istorio asko kontatzen du. Entzutekoa eta ikustekoa da, orduan, antzeztu egin nahi dugu, eta lan horretan gabiltza. Musikak eta hitzek garrantzia daukate, baina lan hau bisualagoa da.

A.Z.: TikTarak orain arte saltsaren errepertorioarekin kaleko giroan jo du, jai giroan... Lan honek antzoki testuinguru bat eskatzen digu dena ondo kontatzeko. Dantza egiteko ikuskizun bat izanda ere, barruko toki horietan kokatu nahi dugu.

Orain arte TikTarak egindako lana alde batera utziko duzue, edo proiektu guztiek elkarbizitzeko aukera dutela uste duzue?

H.B.: Orain arte egin duguna hor dago, prest dago. Esan bezala, ekainaren 29an Usurbilen egongo gara jaietan eta aurretik landutako errepertorioa joko dugu, agian, kanta berriren bat sartuko dugu, disko honetan ere dantzagarriak daudenak ere badaudelako. Baina ez, jarraitzen dugu proiektu guztiekin batera.

A.Z.: Kanpoko ikuskizunak izango ditugu orain, eta baita barrukoak ere.

Zazpi kanta nahikoa izan dira euskal herritarrek Euskal Herritik kanpo bizi izan dun errealitatea kontatzeko, edo sakona da gaia beste hainbat istorio kontatzeko?

H.B.: Ubera 2, 3, 4 edo 5 bat ateratzeko beste ematen du, eta baita 27 ere. Bukaezina izan daiteke hau, eta, gainera, oso polita da. Aurreko diskoek haien artean borobiltasun bat izan dute, istorio bat egon da beti atzetik, baina ez da hain argia izan. Guk beti pentsatzen dugu eman nahi diogun zentzu horretan; alegia, dugu nahi kanta bat bestearen egotea eta kitto. Disko bakoitzak beti dauka zerbait atzetik. Baina honekin oso argi geneukan, diskoak ez du zentzu filosofiko bat, historikoa baizik. Hainbeste migrazio jaso dituen herria izanda, oso aberatsa da herrialde bakoitzean dagoen musika kultura, hainbatekoak dira estiloak. Zazpi kanta izan dira iruditzen zitzaigulako oraingoz nahikoa geneukala, eta gainera, lan gogorra izan delako. Kanta gehiago atera dira, hor gelditu direnak, , aurrerago lana borobiltzeko.